XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sara, beraz, itxuraz orekatua zen.

Espaloian euriarengatik erdi plegaturik, eskuetan erosketa zaku astunak zeramatzatenen begietan bederen, halako iduria eman zezakeen behintzat, baina bazekien neskak aspaldi honetan, duntzetarik arras elkitzen ari zela, errealitatearekin dekonektatzen, harreman humanoen saretik aldentzen, eta kontzientzia horrek ez zion ezer onik iragartzen.

Sobera denbora bazen errepikatzen zuela, bake-bila bezala:

- Bakarrik baizik ez naiz ongi sentitzen...

Eta laneko kolegak ere, laguntzera zetozkiolarik, horrela bereganik urruntzera gomitatzen zituen.

Urteak baziren abandonuarekin ziharduela.

Arrats apal hartan, etxetik jalgi zen axolarik ez zuela marmarikatuz mirailean bitxiki disdiratzen zuen bere arpegiari.

Norabide finkorik gabe abiatu zen, etxe zolan ezker harturik, lanpara argitan euria jausten miresten zuela.

Zenbaitetan, bidean pasatzen ziren autobus eta autoek ziliportatzen zuten, halaz berarekin batera familia osoek zalapartaka espaloi hegitik ihes egiten zuten punpean.

Arrabotsa maite zuen Sarak, hiriarena, motorrena eta haien usaina, bustiarekin nahasten zela olioa, monoxido karbonikoa eta emazte zein gizonen gorputzeko perfumea.

Oraino gostuko zituen gauza apurrak zerrendatu zituen orduan: urrin horiek, euripean ibiltzea eta gauaren samina.

Bidegurutze populutsura heltzean galdatu zuen:

- Ez duta besterik maite?

Kasko zokoa mirazkatu zuen, pentsa eta pentsa; ez zuen deus gehiagorik aurkitu.

Ardura, inutiltzat zeukan bere izakia, eta, arraileriant zelarik, sikoanalisi on baten premia zuela salatzen zien lankideei, (...)